Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gernua egiteko premia larria eta oinazea, horiek dira zistitis interstizialaren sintoma nagusiak. Gaitz ezezaguna da, eta adin ertaineko emakumeek izaten dute gehienbat
Gaitz kroniko eta arraroa da zistitis interstiziala, eta zenbakiei begiratuta, emakumeen gaitza dela esan beharko da (kasuen % 80 emakumeetan agertzen dira), nahiz eta gizonek ere eduki dezaketen antzeko patologia bat, prostatodinia deitua. Prostatarekin hainbat komeria izaten dituzte gizonek, eta ia denok entzun izan dugu noizbait horren inguruko zerbait. Ez da berdin gertatzen, ordea, zistitisa duten emakumeekin. Gernua egiteko behar gorria sentitzen dute, maiz-maiz, eta medikuek ere ez dakite oso ongi zergatik den eta zer egin. Hipotesi bat baino gehiago daude, eta nagusietako batek dio ohitura desegokien ondorioz ager litekeela, besteak beste, gernua egiteko gogoari luzaz eusteagatik.
Zistitisa aipatzen denean, gehienetan uste izaten da maskuri hantura gertatu izan dela, bakterio batek eraginda (maizenik, Escherichia coli germenak sortzen du). Baina maskuria ez da beti hanpatzen bakterio baten eraginez; irradatze faktoreek, kimioterapiak edo buxadurak ere eragin dezakete. Eta, horiez gain, zistopatia kronikoak daude, zergatik jakin gabe agertzen diren zistitisak. Horietakoa da zistitis interstiziala. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, 700.000 pertsonari baino gehiagori eragiten die (Intersticial Cystitis Association erakundeak eman ditu datu horiek), baina herrialde guztiek ez dituzte biltzen datu horiek, Espainiak, adibidez, eta ezin da jakin han zenbat lagunek pairatzen duten.
Maskuri paretaren hantura kronikoa, horixe da zistitisa. Interstiziala dela esaten denean, zera adierazi nahi da: kolageno zuntzak osatzen dituzten zelulekin lotuta dagoela, eta, aldi berean, zelulen arteko zirritu txikiekin; zirritu horiek dira interstizioak, eta zirritu horiek hanpatzen edo narritatzen dira, hain justu. Eta nola gerta liteke hori? Gernuak dituen osagai kimikoek -potasioak, adibidez- zeharkatu egiten dute maskuria barrutik biltzen duen geruza, urotelioa, eta interstizioa narritatzen dute. Ondorioz, maskuria betetzen den bakoitzean, oinazea izaten da.
Maskuriko oinazea eragiten duten gaitzak "maskuri minduaren sindromeari lotzen zaizkio, eta zistitis interstiziala ere bai. Eta egia da, zistitis interstiziala duenak maskuria mindua du, baina maskuria mindua duten guztiek ez dute zistitis interstiziala. Horregatik, maskuria mindua duenari zistitis interstiziala diagnostikatuko diote inolako eragile organikorik aurkitzen ez diotenean (maskuriko tumore bat, harriak gernu bideetan, edo mina eragiten duen gernu infekzio bat). Halako eragile organikorik ez dagoela egiaztatu ondoren, eta proba batzuk eginda, baldin eta gaixoak irizpide kliniko jakin batzuk betetzen baditu, urologoek berehala esango dute: zistitis interstiziala.
Medikutara joateko arrazoirik ez da falta izaten zistitis interstizialarekin. Gernua egiteko premia larria izaten da, oso maiz komunera joan beharra (10-15 minutuz behin), min handia maskurian -perineo inguruan- eta etengabeko erremina.
Oinaze ikaragarria ematen du, eta lehen sintomak agertu orduko joan behar izaten da medikutara. Askotan, ordea, okerreko espezialistarengana jotzen da. Emakumeak, adibidez, ginekologoarengana joaten dira batzuetan, edo bidaltzen dituzte, sexu organoaren inguruan sumatzen baitute mina; besteetan, familia medikuarentzat hartzen dute ordua, gernu infekzioa dutelakoan. Batean eta bestean ibili ondoren, halako batean iritsiko dira tratamendu egokia emango dien espezialistarengana: urologoa.
Hasieran gerta daiteke, sintomak ikusita, bakterio batek eragindako zistitisa dela uste izatea, eta ez zistitis interstiziala, eta, ondorioz, antibiotikoak ematea. Tratamenduak emaitza onik ematen ez duela ikusten denean, beste zenbait proba egiten dizkiote gaixoari, egiaztatzeko ez dela bakterio batek sortutako infekzioa. Gizonekin ere berdin gertatzen da hasieran: prostatidinia eduki, eta prostatitis infekziosoa duela uste izan.
Diagnostiko egokia egin ahal izateko, garrantzitsua da urologoak ongi ulertzea eta interpretatzea gaixoa azaltzen ari zaion hori, zistitis interstizialaren sintomak askotarikoak baitira, eta subjektiboak; norberak bizi du bere mina, bere erara.
Zistitis interstiziala duela ondorioztatzen ez den bitartean, gaixoak hainbat proba pasatu beharko ditu:
Gainera, bide batez, beste proba bat ere egin ahal zaio gaixoari: maskuriko hidrodistentsioa, pelbiseko min kronikoa arintzeko. Maskuria bete-bete egiten dute, neurriz kanpo, eta 5 eta 10 minutu bitartean edukitzen dute presio horrekin. Gaixoak zertxobait hobeto sentitzen dira, baina guztiei ez die berdin eragiten. Hiru-lau hilabete igaro ondoren, berriz egiten diete proba hori batzuei, eta beste batzuei, urtebeteren buruan. Bakoitzak ekarri dituen sintomen araberakoa da hori.
Urologoak, gehienetan, ez ditu berehalakoan hartzen gaixoak. Jende asko izaten dute zerrendan zain, eta lehen bisita egiteko eguna ez da nahi ordu iristen. Lehenengoz urologoarekin mintzatu eta diagnostikoa egin bitarte, urtebete igaro ohi da, onen-onenean hori. Sintomak infekzio batenak direlakoan hasten badira diagnostikoa egiten, zenbait urte ere pasa litezke okerreko diagnostikoarekin.
Egun, zistitis interstiziala ezin da sendatu, eta ahalik eta ongien eramatea beste aukerarik ez dute gaixoek, bizi osorako izango baitute. Hala ere, badira terapia eraginkorrak, sintomen % 70 kontrolatzeko modua ematen dutenak. Ezinbestekoa da profesional egokien esanei eta aginduei jarraitzea -gaitz honetan jantzia den urologo bati-, eta ezinbestekoa da, halaber, gaitza kronikoa dela ongi barneratzea eta itxaropena ez larregi haizatzea.
Zistitis interstiziala antzeman dioten pertsonari, askotan eta askotan, erabat aldatzen zaio bizitza, eta ezer ez da berdin izaten ordutik aurrera, ez eguneroko kontuetan, ez lanean eta ez bikote bizitzan ere:
ACACI izeneko erakundeak 82 emakume biltzen ditu, Espainia osokoak. Katalunian sortu zen, baina autonomia erkidego guztietako emakumeak laguntzen ditu, eta penintsulatik kanpokoak eta Latinoamerikakoak ere bai. Balear uharteetan ere bada antzeko erakunde bat, Zistitis Interstizialak eta Trigonitosak Erasandakoen Balearretako Elkartea (ABATYCI). Egun, bi jomuga nagusi ditu euren borrokak, kemena eta orientazioa emateaz gain:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
Behi haragiz egindako 6 hanburger eta oilasko haragiz egindako beste 6 eskuratu ditugu janari lasterreko kateetan, eta aztertu egin ditugu
Bizikleta kaskoak, haur eta nerabeentzako 8 aztertu ditugu
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa