Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ordenagailua jokoetan aritzeko dispositibotzat baliatzeak, aukera polita izan daitekeen arren, beste hainbat gastu eginarazten ditu
"Kontsola erosiko dut edo, bestela, PCri beharrezko osagarriak erantsiko dizkiot, bertan bideojokorik ahaltsuenekin aritzeko?" Aisia eta denbora-pasako software munduan hasi aurretik milaka erabiltzailek beren buruari egiten diote galdera hori. Erantzuna ez da bat ere erraza, bertan faktore ekonomikoa ez ezik beste batzuk ere sartzen direlako. Egun, bideo-kontsola ahaltsuenak 300-400 euro artean kostatzen dira, bai Sony-ko Playstation bere 60 gigabyteko memoriadun disko gogor eta guzti, baita Wii edota Xbox 360 Elite bera ere.
Kontsola horietako batek dauzkan edukierez ordenagailu ertain bat hornitzea aukera polita izan daiteke baina ez doakoa, inondik ere, ordenagailuaren ezaugarriak hobetzea ezinbestekoa izango baita. Horrek esan nahi du dispositibo batzuk erosi behar direla. Merkatuan badira, izan, bideojokoekin jolasteko berariazko ordenagailuak, lan ofimatikoa egiteko diseinatuak daudenek baino prozesagailu ahaltsuagoak dauzkatenak.
Txartel grafiko, aginte-palanka, soinu txartel, bozgorailu eta antzeko kontuetan egiazko pagotxak lor daitezke baina hoberena eta modernoena eskuratu nahi izanez gero, bideo-kontsola ertain bat kostatzen dena (400 euri inguru) baino dezente gehiago gasta dezake erabiltzaileak.
Ordeanagailuaren alde egiteko arrazoi ahaltsu bat, bideojokoetan orain berebiziko arrakasta biltzen ari diren bideojoko masibo edo MMOG izenekoetan eta jokalari bat baino gehiago aritzeko aukera da. Bideojoko horietan beste hainbat jokalarirekin batera Internet bidez hartzen da parte: horretarako, bideo-kontsola baino hobeki prestatua dago PC bat, baina dagoeneko merkatuan badaude wifi konexiodun bideo-kontsolak ere.
Gauza bat segurua dago: PCren alde egiten duen erabiltzaileak beharrezko dispositibo guztiak berak lortu beharko ditu eta berak egin beharko du den-dena, fabrikatik ezertxo ere ez baitatorkio osaturik.
Beste hainbat dispositibo osagarri (baina ez ezinbesteko): soinu-txartela eta ordenagailuarentzako bozgorailu-ekipoa (soinu biltzaile eta guzti). Bi elementu horien konbinazioak jokoaren soinua arras hobe dezake eta jokalariari errealitate-sentsazio biziago eman diezaioke, baina horiek gabe ere denbora-pasa politak egin daitezke. Jokoak kargatzeko, azkenik, ordenagailuak disko optikoen irakurgailua edukitzea ezinbestekoa du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa