Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

CONSUMER EROSKI, el diario del consumidor

Bilatzailea

Buletinak

| Utzi | Aukerak |


Hizkuntza aldatu

Beste baliabide batzuk


Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Erretiroa hartzearen abantailak: Aisia ez da erretiratzen

Erakunde eta enpresek deskontuak eta eskaintzak biderkatzen dituzte, adin handikoek aisialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten, irabazi eskasak xahutzeko beldurrik gabe

Arte eta eszena modu-moduan

Kontsumoko Agentzia Katalanaren datuen arabera, erretiratu eta pentsiodunak ez ohi doaz ikuskizunetara (joaten direnak ez dira %1era iristen). Zinemari dagokiola, proportzioa pittin bat handitzen da (erretiratuen %10 baino ez doa zinetokira). Bietan ere, arrazoi nagusia ekonomikoa da. Horrelako kontsumo-ohiturak, orokorrean, pentsiodunaren hileko aurrekontu murritzaren azken ataletan agertzen dira.

Panorama horren aurrean, zinema, antzoki eta museoak ere erretiratuen aisialdia aberasteko eta telebista aurrean orduak eta orduak eman ez ditzaten, laguntzaile agertzen dira. Zaharrentzat zinemara joatea zazpigarren artearen zaleentzat baino %10 - %52 merkeagoa da, sektoreko enpresa askok (ABC, Cinesa, Albatros Babel, UGC Ciné Citá, etc) sarrera-prezio merkeak ipintzen baitizkiete.

65 urtez gorakoek, adibidez, Cinebox kateak Espainia osoan dituen aretoetako batean filmak 3,90 euro bakarrik ordainduta ikus ditzakete. Diru gutxiago (3 euro) utzi behar dute Golem zinemetara doazenek. Yelmo Cineplex enpresak ere bat egin du Madrilgo Erkidegoaren ekimenarekin eta, horri esker, asteartero (jai ez denean) 60 urtetik gorakoei euro bat kostatzen zaie zinema. Gainerako hirietan, 65 urtetik gorakoentzat sarrera-prezio ohikoari %20ko deskontua egiten zaio. Madrilgo Erkidegoak, era berean, 60 urtez gorakoei antzerkira ostegunero joateko aukera ematen die, maiatzaren 29ra arte, 3 euro bakarrik ordainduta.

Bilboko Arriaga Antzokian eta Kataluniako Antzoki Nazionalean %25eko deskontua egiten zaie 65 urteak beteak dituztenek arte eszenikoak ikusteko aukera izan dezaten. Ourenseko Principal Antzokian eta Madrilgo Centro Dramático Nacional ezagunean (María Guerrero eta Teatro Valle Inclán antzokiak dituena) deskontua %50ekoa da. Bartzelonako Liceuk aurten hiru ikuskizuneko "lotea" eskaintzen du, ohiko txartelaren herenean.

Aisialdia betetzeko beste aukera bat, ludikoa eta merkea, museoak bisitatzea da. Espainian diren 1.300 museoetatik askotako ateak zabalik dituzte erretiratuek eta 65 urtez gorakoek, hala nola: Pradokoa, Reina Sofía Museo Nazional espainiarra, Bartzelonako Arte garaikideko Museoa, Museo Arkeologiko Nazionala, Sorolla Museoa, IVAM, etc. Beste batzuek bisitari zaharrenei ere sarrera kobratzen diete: Thyssen-Bornemisza Museoa (jarrita dagoen unean uneko erakusketaren arabera, bisitaren prezioa 5 eta 3,5 euro artean kostatzen denez, ohiko txartelari %30- %45 arteko deskontua egiten zaio), Guggenheim Museoa (erretiratuei %40ko deskontua egiten dienez, sarrera 7,50 euro ordaindu behar dute) edota Dalí Antzoki-Museoa (pentsiodun eta erretiratuei 8 euro kentzen die, bertan diren obrak ikustearren, hots, helduaren sarrera erreferentzia hartuta, %27ko deskontua egiten die).

Ikusi eta praktikatzeko kirolak

Hirurogeita bost urtean beterik izatea ez da aitzakia txandala jantzi eta jarduera fisikoan bete-betean aritzeko. Areago, Imsersoren datuen arabera, aire zabalean kirolak eta jarduerak praktikatzea arrakasta handikoa da zaharren artean (bitik batek egin ohi du horrelakorik). Populazio sektore horren ariketa ohikoena oinez ibiltzea da: gizonezkoen %75ek eta emakumeen %62k praktikatzen dute. Urrutitik bada ere, gimnasia dator hurrena: emakumeen %6k eta gizonezkoen %4k egiten dituzte ariketa gimnastikoak.

Kirola betidanik praktikatu duenaren kasuan edo erretiroa hartu ostean hasi denaren kasuan ere, edonork praktika ditzakeen kirol-jarduerak adinak agintzen dituen baldintza eta premietara egokitu baizik ez dago (klase zuzenduak, igeriketa, ariketa kardiobaskularrak, tonifikatzeko makinak...). Erretiratzeak berea duen sedentarismoa saihesteko, udalek ikastaro eta instalazioak eskaintzen dizkiete hiritar horiei gainerakoei baino merkeago.

Gaztela-Mantxako kirol-eskolak, adibidez, pertsona zaharren artean kirol praktika indartzeko proiektu eta jarduerak doan burutzen dituzte. Mantentzeko gimnasia, yoga edo tai-chi, besteak beste, praktikatu nahi duten hirurogei urtetik gorako madrildarrei udal kirol kuoten erdia bakarrik ordaindu behar dute. Valladolideko "Siempre activos" egitaraua ere 60 urte baino gehiago dituztenei zuzentzen zaie: hilean 3,85 euro ordainduz gero hiri horretako zaharrak forma fisiko onean ipintzeko astean bitan entrena daitezke. Murtzia, Gasteiz eta Malagako Udalek 65 urtetik gorakoei, hurrenez hurren, bertako kirol zerbitzuetako kuoten %75, %50 eta %36ko deskontuak egiten dizkiete.

Burgosen, lauhilekoan 50 euro ordainduta, zaharrek gerontogimnasiako ikastaroa egin dezakete; Oviedon, berriz, golfean aritzeko aukera dute, hilean gutxienez 12,41 euroren truk. Sevillako 65 urtetik gorakoek, berriz, dagoeneko ez dute aitzakiarik igerian ez egiteko, hiri hartako udal igerilekuetan sartzeko sarrera euro bat baizik ez zaie kostatzen. Igerilekuan sartu aurretik igerian ikasteko eskolarik behar duenak, Sevillako udal igerilekuetako hileko kuota, astean bi saio egitearren, 14,24 euro da, hots, helduaren ohiko tarifaren %58. Bilbon ikastaro horiek 10,45 euro kostatzen direnez, oinarrizko tarifatik %40ko aurrezkia du onuradunak.

Kirolaz harmailatik gozatzea nahiago dutenentzat, futbol klubek denboraldiko abonuetan zaharrei egiten dizkieten deskontuak doaz %25etik (Sevilla FC) %51ra (Santanderko Racing). Beste hainbat taldek, hala nola Betisek, "Andalucía Junta 65" txartela daukaten erretiratuei harmailako ohiko sarrera prezio merkeagoan (%32) eskaintzen diete eta "Andalucía Junta 65 Oro" txartela daukatenei, berriz, %43ko deskontua. Levante, Vigoko Celta eta A Coruñako Deportivo klubek, besteak beste, erretiratuei, hurrenez hurren, %50, %35 eta %31ko deskontuak egiten dizkiete. Saskibaloia gustukoa dutenek ere, gogoko ekipoen denboraldiko partidez gozatzeko aukera izan dezakete; horrela gertatzen da Ricoh Manresa eta Alta Gestión Fuenlabrada ekipoen kasuetan, zale zaharrenei %20 eta %33ko deskontuak egiten zaizkielako.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du


Orrialde honen baliabideak



Orri honen balidazioak

  • Irisgarritasuna: W3C-WAIren Web 1.0 Edukirako Irisgarritasun Jarraibideak 'A-hirukoitza' mailarekin betetzen dituela adierazten du
  • XHTML: W3Ck dokumentu hau XHTML 1.1 zuzena dela baiztatzen du
  • CSS: W3Ck dokumentu hau CSS zuzena erabiltzen duela baiztatzen du
  • RSS: feedvalidator.org-k gure RSS jarioak zuzenak direla baiztatzen du