Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
25 lagunentzako ospakizunaren prezioa 1.200 eta 5.300 euro bitartean ibil daiteke, otordua, janzkera eta protagonista txikientzako oparien arabera
Izaera erlijiosoko egintza batzuen (jaunartzea, adibidez) inguruko ospakizun sozialak aurrera egiten du etengabe, honelako bestaldiak, janzkerari, otorduari zein opari eta gainerako osagarriei dagokiela, eztei gisa ospatzen dituen merkatu honetan. Esan gabe doa hori guztia familiaren eta inbitatuen patrikatik ordaindu beharko dela.
Lehen jaunartzeak gertaera sozial ez ezik, negozio biribila ere bilakatu dira. Egun, egintza erlijioso horren ospakizun sozialaren kostua -erreferentzia 25 mahaikideko janaria hartuz gero-1.200 eta 5.300 euro bitartean dabil, jaunartze hori egiten duena neskatoa edo mutikoa den eta gurasoek xahutzeko duten diru-kopuruaren arabera. Seme-alabak lausengatu edo losintxatzearren, adibidez, aita-ama askok, eztei bidaia bailitzan, txikien gogoko parke tematikoan (Eurodisney, Terra Mítica, etc.) oporralditxoa antolatzen diete.
Egun horretako funtsezko elementuetako bat janzkera da, dudarik gabe, neskatxen kasuan batik bat. Soinekoa, izan ere, oturuntzarekin batera, gastuetako atalik garestiena izaten da. Urte batzuetatik honantz, ordea, soiltasunaren aldeko joera nagusitu da baina prezioak ez datoz bat gainbehera horrekin. Oraintxe bertan jaunartzeko organdizko soineko (arruntenetako eta eskatuenetako bat) ertain baten prezioa 300-400 euro ingurukoa da baina 800 eurotaraino ere igo daiteke eta hortik gora ere bai. Kaleko soinekoa, 150-200 euro kostatzen dena, gasa eta zetekin josia egon ohi da. Soinekoari osagarriak gehitu behar zaizkio: oinetakoak, galtzerdiak, azpiko gonak, ileko apaingarriak eta beste batzuk ere, hots, gutxien-gutxienez, 90 euroko faktura.
Mutikoei goazkiela, ospakizun edo kaleko trajea geroz eta jarraitzaile gehiago biltzen ari den arren, almirante edo marinel trajea nagusi dabil oraino. Jantzi hau da denetan aukera merkeena, prezioa 120 euro inguru dabilela. Almirantearena garestiagoa da, noski: 200 eta 400 euro artean, eskuz eginikoa baldin bada. Nesken kasuan bezala, hemen ere osagarriak aintzat hartu behar dira: zapatak, gorbata, gerrikoa, kordoiak eta gainerakoak metaturik, faktura 600 eurotaraino aise igo daiteke.
Hirugarren aukera: glamour aldetik apala, baina baliagarriagoa: "kaleko" arropa janztea. Hemen aukera zabal-zabala da: haurraren eta familiaren zaletasunak aintzat har daitezke hemen: galtza eta txaketa edo, bestela, bermuda, alkandora eta jaka berezia. Gastuen atalean ezin ahantz gaitezke haurraren zuzeneko senitartekoen janzkerak eragingo duena. Senide bakoitzaren estilo eta premien arabera aldatzen dira prezioak baina, batez beste, 1.000 euroko estra izan daiteke hori ere.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa