Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Espainian, hiru heldutik batek sindrome metabolikoa nozitzeko irizpideak betetzen ditu. Norbaitek hori jasaten duen determinatzeko arrasto behinena, gerri-bueltak adierazten duen obesitate zentralak ematen du
Ederki dakigu gaixotasun kardiobaskularrak direla Espainiako eta gizarte garatu askotako heriotzen lehen kausa. Nola jakin, ordea, nor dagoen arrisku larriagoan? Sindrome metabolikoak sendagilea arrastoan ipiniko du. Badirudi sindrome metabolikoa nozitzen duten pertsonek hurrengo hamar urteotan episodio koronarioa nozitzeko arrisku handiagoa (%20) dutela, hori nozitzen ez dutenek baino. Horrenbestez, funtsezkoa da gaitza nork jasaten duen jakitea, gaixotasun horren aurreko neurri aproposak hartzeko eta heriotza kardiobaskularrari (bihotzeko edo garuneko infartuari edo bularraldeko anginari) saihets egiteko.
Sindrome metabolikoa ez da gaixotasun bakarra, anomalia metabolikoren pilaketa baizik. Bi egoeraren amaiera da: obesitate zentrala (sabelekoa) eta intsulinaren aurreko erresistentzia, hots, obesitateak eta egoneko bizimoduak sortarazitako erreakzioa, diabetesaren aitzina hasten dena. Horiekin batera, baina, metabolismoaren alterazioak hautematen dira: pazientea barau dagoela, hiperglizemia arina du, hots, glukosa (azukre) gehiegi odoletan (110-126 mg/dl); gantz profilaren alterazioak, hau da, triglizeridoen ugaltzea (150-250 mg/dl), HDL kolesterolaren jaitsiera ("kolesterol ona" deritzo jendeak) eta hipertentsio arterial arina.
Anomalia metaboliko horiek aintzat jotzen dira, Osasunaren Mundu-Erakundeak (OMS), Helduen Tratamenduaren Panelak (ATP-III) eta Diabetesaren Nazioarteko Federazioak (IDF) eginiko sailkapenen arabera, pazienteak hainbat puntu gainditzen dituenean. Norbaitek sindrome metabolikoa nozitzen du, beraz, adierazitako irizpideetatik hiru betetzen dituenean.
Sindrome metabolikoa era geldiezinean ari da hedatzen gizarte modernoetan. OMS erakundeak obesitatea XXI. mendeko munduko epidemia eta herri-osasunak daukan arazo behinena dela esan du. Gehiegizko pisuarekin lotzen dira, besteak beste, diabetesa eta, noski, sindrome metabolikoa. Gaixotasun horiek bideratu dituzte bizimodu urbanoak eta bizimoduetan eta elikabideetan gertaturiko aldaketek hala nola barazki, labore eta frutadun elikagai ugariko dieta tradizionala bertan behera utzi eta dieta mendebaldarrera jotzea, hots, azkar prestatzeko modukoa, gantz eta kaloria ugarikoa eta zuntz gutxikoa (hanburgesa, patata frijituak, pizza eta edari koladunak).
Bestetik, eguneroko jardueren mekanizazioarekin, helduen eta, bereziki, haurren jolasezko adierazpen fisikoetan jazoriko aldaketekin loturiko ariketa fisikoaren murrizte edo moteltze horrek ere ez du bat ere laguntzen arazoa konpontzeko unean. Okerreko elikabideak eta egoneko bizimoduak osaturiko binomio horren ondorioetako bat, gehiegizko pisua eta obesitatea nozitzen dituen populazioa ugaltzea izan da. Gehiegizko pisutik obesitatearen bidaide diren alterazio metabolikoetara igaro da.
Espainian hiru pertsona heldutik batek sindrome metabolikoa nozitzeko baldintzak betetzen ditu. Proportzioa, esan gabe doa, areagotu egiten da gizenen populazioan, horrelako pertsonen %70ek - %80k sindrome metabolikoa nozitzen baitute. Obesitatearen eta sindrome metabolikoaren eragin lazgarriena jasaten duten pertsonak heziketa- eta ekonomia-maila apaleneko gizarte-taldeetako kideak izaten dira, hartu ohi duten janari merke eta hiperkalorikoak obesitatea dakarrelako.
haur eta nerabeak ere ez daude sindrome metabolikoa nozitzetik salbuetsita. Gizarte modernoan haur obesitatea ere ugaltzen ari da. Esate baterako, 2 eta 24 urte arteko pertsonekin eginiko enKid txostenean egiaztatu zen espainiar umeen %14 obesoak direla eta %12k gehiegizko pisua dutenez, sindrome metabolikoa garatzeko arriskuan daudela. Bestetik, 97 haur eta nerabe obesoekin egin eta Anales españoles de Pediatría izenekoetan aresti plazaratutako beste ikerlan batek atzeman zuenez, haien %20k sindrome metabolikoa nozitzen zuten. datu honekin bat datoz haurren obesitatea %20 - %30 artean finkatzen duten azterlan zenbait ere.
Haurdunaldia egoera berezia da: bertan emakumeak, pisua hartzen duenez, hipertentsio arteriala jasan eta diabetes gestazionala izan dezake. Egoera berezi horretan gaitza ez da sindrome metabolikotzat jo behar, haurdunak lehenagotik nozitzen ez bazuen edo erditze ondoren garatzen ez badu, haurdunaldian harturiko pisu gehientsua galtzen ez badu.
Norbaitek sindrome metabolikoa nozitzen duen ala ez determinatzeko arrasto behinena gerri-bueltarekin neurtzen den obesitate zentralak emango digu. Sabel inguruan metatzen den gantz-ehuna larriagoa da, arrisku kardiobaskularraren ikuspegitik. Obesitate zentral (sagar itxurakoa) hori gizonezkoek nozitzen dute, batik bat. Gantza ipurmasail eta izterretan metatzen denean, hots, udare formako obesitatea, aldiz, emakumeetan ohikoagoa da eta ez da bestea bezain arriskutsua.
Horregatik, sendagileak pazientearen gerriaren perimetroa neur dezan aholkatu dute hainbat elkarte zientifikok, nahiz eta, oraino, hedapen handiegirik erdietsi ez duen. Gizonezkoen gerri buelta gehienez ere 102 zentimetro izan daiteke eta emakumeena, berriz, 88 zentimetro. Hortik gorako neurriak dituzten pertsonek erraien inguruan daukate gantz edo koipea eta, hortaz, arrisku kardiobaskularra. Gerri bueltako neurria haurrei ere hartzen zaie baina, jakina, bakoitzaren adin, sexu eta heltze sexualaren estadioari egokiturik.
Sindrome metabolikoaren tratamendua, bera agertzea probokatu duten faktore guztiak banan-banan aztertzetik hasten da, buelta eman ahal izateko. Tratamenduaren lehen helburua obesitatea da; honen definizioa zehatza da: gorputz-masaren indizea (GMI) 30 edo handiagoa izatea. GMI kalkulatzeko, pertsonaren pisua altuera ber bitan zatitu behar da (kg/m2). Tabakismoaren ondotik obesitatea da heriotza kardiobaskular aldagarriaren bigarren arrisku larriena. Gauza jakina da, gainera, obeso dauden pertsonek sindrome metabolikoa nozitzeko aukera handiagoak dituztela. Oso litekeena da, osasun-arazo elkartu batzuk batera irauteak aginduta, barne-medikuntzan diharduten sendagileek eta kardiologoek paziente horien artapenean inplikatu behar izatea.
ATZERA, OSTERA ERE. Askotan, obesitatea suntsituta ere, oso litekeena da sindromea berriro agertzea. Duke-ko (EE.UU.) Unibertsitateak egin, Obesitatea Ikertzeko Elkarte Espainiarrak (SEEDO) jaso duen azterlan batek frogatu duenez, egunero-egunero 30 minutuz oinez bizi ibiltzeak sindrome metabolikoa "desegin" egin dezake. Sindromeak atzera egin dezake, baldin eta arrisku-faktore mordoa nozitzen duen pertsonak horiek zuzentzen baditu eta, ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrik garatzeko arriskua ere arintzen badu. Halaz ere, bihotzarentzat osasuntsua den bizimoduari eutsi behar dio eta, askotan, botikak hartzen segitu behar izaten du, arriskua sortarazten zuten faktore guztiak kontrolpean mantentzeko.Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa