Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Zaharren zaintzaileen %80 kontraturik gabe ari dira lanean eta ez daude lanbidean behar bezala jantzirik
Etxez etxeko laguntza herri administrazioen eskuduntzakoa izanik (udalena, eskuarki), erakunde horiek beraien zerbitzuen bitartez edo itundutakoekin dihardute lanean. Bigarren kasuan, hitzarmenak enpresa pribatuekin, lan elkartuko kooperatibekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin (Caritas, Gurutze Goria, etab.) sinatzen dira. Zerbitzu hori eskatzeko, normalean interesatua bizi den herriko udalera jo behar da; bertan, zerbitzua jasotzeko nolako baldintzak bete behar diren eta nola ematen den azaltzen zaio eskatzaileari. Baldintza horiek aldatu egiten dira egoera ekonomikoaren, autonomiaren, laguntza eman dezaken senitartekorik izatearen eta beste hainbaten arabera. Zenbaitetan zerbitzua doan ematen da eta bestetan onuradunak diru-kopuru bat ordaindu behar izaten du, pentsioaren eta egoera ekonomikoaren arabera. Enpresa pribatura jotzen duenak, berriz, laguntza-orduko tarifa finko bat ordaintzen du.
Zerbitzu hau, beraz, erakunde pribatuek eta publikoek ematen dute. Pribatuek ematen dutenean, adineko pertsonentzako zerbitzua izatearren, dagokion autonomi erkidegoak emaniko baimen administratiboa eduki behar dute.
Zerbitzua arautua eta kontrolatua dagoen arren, aurrezkirik egiteko asmoz jende askotxok pertsona partikularren zerbitzuak kontratatzen dituzte baina laguntzaile horiek ezezagunak dira, gehienetan. Pertsona hauek, etxez etxeko laguntzaren itxura eginez, zaharra zaindu eta laguntzeko eskaini ohi dute beren burua. Datuek ez dute duda-izpirik uzten: zaharren zaintzaileen %80 inguru kontraturik gabe eta lanbide-prestakizunik gabe ari dira lanean
Etxez etxeko artapen-zerbitzuen merkatua izugarri handitu da aspaldi honetan, mendekoak diren pertsona zaharren ugaltzearekin bat eta, esan gabe doa, etxez etxeko laguntza eta tele-artapen zerbitzuen estaldura-maila areagotzeko herri administrazioek erakusten duten interesaren arabera.
Sektorez sektoreko eta lehiari buruzko azterketetan espezializatutako DBK enpresak 2006an egin zuen "Servicios Asistenciales a Domicilio" azterlanaren arabera, etxez etxeko artapen-zerbitzuen merkatuko balioa 740 milioi euro izan zen, hau da, aurreko urtekoa baino %16 handiagoa, erabiltzaileen kopurua ere hazi egin baitzen. Zerbitzu-moten arabera, etxez etxekoa %16 handitu zenez, 655 milioi euroraino iritsi zen. Segmentu hauxe izan zen garrantzitsuena, merkatu osoaren %88ko partaidetza bete baitzuen; gainerako %12 tele-artapenak hartu zuen (85 milioi euro 2006 urtean). Segmentu honek, berriz, dinamismo bizkortasun handiagoa erakutsi zuenez, %21eko gehikuntza izan zuen.
2006 urtearen kondarrean sektore honetan sei mila enpresak ziharduten: herrian herrikoak edo, gehienez ere, lurraldean aritzen ziren tamaina txikikoak ziren gehienak eta gainerakoak irabazi asmorik gabeko organismoak. Fakturazio-alorretik lehen bostek -Cruz Roja, Eulen Servicios Sociosanitarios, Mapfre Quavitae, Clece eta ASISPA- merkatuaren %33 bildu zuten.
2008 urtean erabiltzaileen kopurua %16-17 inguru ugalduko dela aurreikusten da; horrela, etxez etxeko artapen-zerbitzuen erabiltzaileak 985.000 izango dira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa