Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Laguntzari esker gainditzeko modukoa den beldur mota hori nozitzen dute hiru bidaiaritatik bik
Hegazkina ohiko garraiobide gisa darabilen jende askoren iritziz, ekipaje txarra da beldurra. Hegan egiteko beldurraz Boeing enpresa aeronautikoak eginiko inkestak argi eta garbi erakutsi duenez, hiru bidaiaritatik bik hegan egiten dutenean trastornoak nozitzen dituzte eta bost lagunetik batek ahalegin guztiak egiten ditu hegazkinean ez sartzeko. Gidaliburu, ikastaro eta terapiak tresna baliagarriak dira hegazkinean sartzearekin pentsatze hutsak sorrarazten duen izua uxatzeko, fobia hori gainditu egin daiteke eta.
Izuak hegazkinean ibiltzea galarazten dien pertsonei ez ezik, -une horretako ikara kontrolatu eta disimulatzea lortzen badute ere- aireontzia abiatu, aireratu, lur hartu edo turbulentzi gune bat zeharkatzen ari denean gaizki sentitzen direnei ere mesedegarri gertatzen zaie laguntza.
Bestelako izu eta fobiekin jazotzen den legez, hegan egiteko beldurra pertsonaren alderdi inkontzientean sortzen da eta fenomenoa esplikatzeko arrazoi objektiborik ez dago, gizakiak hegan egitea berezko ez duela dioen arrazoi logiko hori izan ezik. Errailen gainetik berrehun kilometro orduko ibiltzea ere ez du bat ere berezkorik baina honek ez dio pertsonari horrenbesterainoko izua sorrarazten. Hegazkinera gerturatze hutsarekin sufritzen dutenek, hegan egiteari dioten arbuioan telebistan edo zinean ikusitako egiazko edo fikziozko istripu eta ezbeharren oroitzapenak, hegazkinak talka egitea galarazten duen teknologia berria ez ezagutzea eta, areago, ontziaren kontrola norberak eduki ordez pilotuaren eskuetan egotearen ondoriozko ahuldadea tartekatzen zaizkiela aitortzen dute. Horrela sentitzeko aukera gehien dituzten pertsonak, logikaz, etengabe hara-hona dabiltzanak -istripua gertatzeko probabilitatea geroz eta hurbilagotik ikusten dutelako- eta inoiz hegaldi batean horrelako eskarmenturik nozitu dutenak dira. Hegan egiteko beldurra edonorengan ager daiteke, dena dela.
Berariazko auto-laguntzazko gidaliburuak edota profesionalek emaniko terapiak dira arazo hori gainditu nahi dutenen eskurako irtenbideak. Badira, izan, psikologo eta pilotuek ematen dituzten taldeentzako ikastaroak asteburuetan: 14 ordu inguru irauten dute (bi saiotan banatuak) eta 380 euro inguru kostatzen da matrikula.
Zuzendaritzaz eta giza baliabideez arduratzen diren enpresak eta aire konpainiak dira horrelako ekimenetan bezero behinenak. Erlaxatzeko teknikez azalpen teoriko eta nozioak ikastea ez ezik, beldurraren kausez gogoeta indibiduala egitea ere terapia gisa aplikatzen dute ikastaro horiek. Prestakuntzari amaiera emateko, bizipena simulagailu batean antzezten da eta, ondoren, egiazko hegaldi bat egiten da, ikasitakoan arrakasta lortu dela frogatzeko.
Terapia psikologikoa funtsezkoa da ikastaro horietan, beldurra zein faktorek eragiten duten ezagutzea ezinbestekoa baita. Bertara doan bezeroak hegazkinaz eta hegaldiaren inguruko protokolo guztiez ezagutzen duena arrazionalizatzea da eskola teknikoen helburua. Beldurra sorrarazten duten sentsazioak ingurune seguru batean esperimentatzeko aukera ematen du simulagailuak eta, noski, izu irrazionala berriro ager ez dadin, erabiltzaileak klabeak barneratu dituen egiaztatzen laguntzen du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa