Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ezbehar-kopurua murrizteko, gidaria zorrotzago kontrolatu eta kontzientziatu nahi du puntukako sistema horrek
Aurtengo uztailaren 1etik aurrera ibilgailua gidatzea puntu kontua izango da. Horrela dio, behinik behin, gidabaimena arautzen duen Trafiko, Motordun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bideko Segurtasunaren Lege berriak. Bizi osoan gidatzeko baimena edukitzetik (kontrako erabaki judizialik izan ezean) gidariaren jokaerak baldintzatutako baimenera igaro da sistema. Frantzian eta beste hainbat herrialdetan aplikatzen den neurri horrekin lortu nahi dena errepideko heriotza-istripuen kopurua murriztea da eta, era horretan, gidaritzak dakartzan arrisku eta ardurekin jabetuko da baimenaren titularra.
Abiatzeko, eskarmentuko gidariak 12 puntu izango ditu eta hasberriak (errepidean 3 urte baino gutxiago egin duenak), zortzi. Hasierako puntuak agortzearren baimena galdu eta, azterketak gaindituz gero, berreskuratua duten gidariei ere zortzi puntu emango zaizkie. Lege-hauste larri edo oso larririk egitearren isuna jasoko duten bakoitzean punturen bat galduko du gidariak. Sistema honek baimenaren titularraren jokabide oker errepikatuak zorrotz zigortuko ditu, auto-kontrol eta ardura handiagoak sustatzeko xedez.

Gidariari ezarritako isunaren arabera, bi motatako ikastaroak emango dira. Puntuak eskuratzea baldin bada helburua, trafiko-hezkuntza eta sentsibilizatze ikastaroak 12 ordu iraungo du eta, 170 euro ordainduta, gehienez ere 4 puntu eskuratu ahal izango ditu gidariak. Puntu guztiak galtzearen ondorioz kendutako gidabaimena berreskuratzea nahi badu, ordea, gidariak 24 orduko iraupeneko ikastaroa egin beharko du (14 orduko prestakuntza, 2 orduko gogoeta eta 8 orduko trafiko-hezkuntza). Horren kostua 320 euro da, ikasleak dagokion Trafiko Zuzendaritzan ordaindu beharko dituen azterketa-tasak kontatu gabe; bestela esateko, guztirako prezioa 700 eurotik gora joan daiteke.
Bestetik, hamabi puntuak (denak galdu ez badira) automatikoki berreskuratuko dira baldin eta bi urteko epean gidariak lege-hausterik egiten ez badu. Puntuen galera lege-hauste oso larriagatik gertatu bada, bi urteko epe hori hiru urtera luzatzen da. Puntu guztiak agortu eta, hortaz, gidabaimena ere galdu baldin bada, estreinakoz gertatzen zaionean gidariak sei hilabete itxoin beharko du berreskuratze prozedurari hasiera eman aurretik. Lehenago ere horrelakorik gertatu baldin bazaio, hamabi hilabete itxaron beharko du zigorturiko gidariak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa