Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Helduok sarritan egiten ditugu telebistako programei buruzko kritikak, egunean baino egunean bideratuago baitago telebista ebasiora eta ikuskizun hutsalera, gero eta audientzia maila handiagoa lortu eta iragarleen inbertsioak erakartzeko. Publizitateak finantziatzen baititu telebista kate pribatu zein publikoak, zati batean edo erabat. Baina, nolakoak dira etxeko txikienei zuzendutako telebista programak, hain arreta gutxi eskaintzen diegunak?
Galdera horri erantzuten saiatu da CONSUMER eta horretarako haur programazioko 103 ordu aztertu ditu (4 eta 12 urte bitarteko ikusleei zuzenduak) guztira 11 telebista katetan (TVE1, La 2, Tele 5, Antena 3, Canal Plus, ETB1, Canal 9, Canal 33, Telemadrid, Canal Sur eta TVG), estatu mailako zein erkidegokoetan, pribatu zein publikoetan; haurrentzat berariaz eskaintzen diren ia programa guztiak aztertu dira. Ondorioa etsigarria izan da: telebistako eduki horiek, salbuespenak salbuespen, pobreak dira teknikoki eta ikuspegi artistikotik eta kasu batzuetan zabaltzen dituzten baloreak (indarkeria, sexismoa, desberdinaren diskriminazioa, kontsumisko irrazional eta konpultsiboa...) ez dira egokiak haurrentzat, beren nortasuna osatzeko prozesu betean baitaude. Gainera, publizitate asko izaten da programen aurreko zein ondorengo minutuetan eta baita programan zehar edo emisioaren etenaldietan ere.
Batez beste, iragarkiek (komertzialek zein telebistako beste programa batzuei buruzkoek) haur programazio osoaren %8,5 osatzen dute, izugarrizko aldeak diren arren: Antena 3 eta Tele 5 kateetan %15etik gorakoa da; TVG, Canal 9, Canal Sur, Telemadrid eta Canal Plus kateetan ez da %5era ere iristen. Publizitate horren edukia ere aztertu zen: 11 kateetatik seik haurrentzat egoki ez diren iragarkiak ematen dituzte (indarkeriazko eszenak edo oso erotikoak, kateak iragartzen dituen telesail edo filmetakoak, botika eta produktu mirarigileen iragarkiak). Haurren programazioaren aurretik, tartean eta atzetik ematen den publizitatea gutxien zaintzen duten kateak Tele 5, Antena 3 eta Telemadrid dira. Eta azterketa egin den garaian publizitatea gehien zaindu eta kontrolatu dutenak Canal 9, Canal Sur, Canal Plus, TVE1 eta La 2.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa