Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Neguak eta Gabonetako ospakizunek, egun hauetan ohiko diren gozokiez gainera, hamaikatxo fruta exotiko dastatzeko aukera ekartzen digute.
Kolore biziko, usain bereziko eta itxura askotakoak izaki, urte-sasoi honetan udako tenperatura epel edo beroan bizi diren herrialde tropikaletan dute jatorria fruta horiek. Fruta oraindik heltzeke, umatu gabe, dagoela biltzen da, garraioa ongi pasa eta gure merkatuetara iristean umatze-egoerarik onenean egon dadin. Hemen, fruta exotiko edo tropikal izenarekin komertzializatzen dira.
Fruta exotiko hauek, guztirako pisuaren %80tik %93ra bitartean ura izaki, bitamina, mineral-gatz, elementu fitokimiko (flabonoide eta karotenoideak) eta zuntz (disolbagarria, gehienbat: pektina eta muzilagoak) iturri oparoenak dira. Zuntz horren hartzidura kolon hestean gertatzen da, funtsez, hesteetako bakterioen egintzaren bitartez: horri esker berriztatzen da hesteetako flora. Zuntza arras higroskopikoa (ur asko biltzen du) denez, hesteetatiko pasatzean ere eragin onuragarria du: gorozkien bolumena handitu eta jariakorrago bihurturik, libratzea errazten du zuntz horrek. Horrekin guztiarekin batera, horren agerikoak ez diren ezaugarriak dituzte fruta horiek, hala nola: gehiegizko kolesterol eta gantzak xurgatzea galarazten diote organismoari eta azukreak atxiki egiten dituzte hesteetan, geroago, pitinka-pitinka odoletan askatzeko: horri esker, odoleko glukosa edo gluzemiaren maila beheratzea erdiesten da (ondorio hau bereziki onuragarria dute diabetikoek).
Karbohidrato soilen (glukosa, sakarosa eta, batik bat, fruktosa) edukierak zehazten du fruta exotikoen energi balorea baina, dena den, proportzioa aldatu egiten da fruta batetik bestera. Azukretan oparoenak txirimoia, mizpira heldua, kakia, mangoa eta anana tropikala ditugu. Fruta horiek mesedegarriak dira ariketa fisiko gogorrak egin behar direnean: bertako azukreak odoletara igarotzen dira zuzenean, liseriketa egin beharrik izateke. Era horretan, organismoa berehala hornitzen dute energiaz.
Mineral-gatzen ekarpena ere handia dutela, potasio eta magnesioa nabarmentzen dira batik bat: gatz hauek nerbio-kinadaren transmisioan eta muskulu-higieran eragin onuragarria dute. Potasioak, bere aldetik, odol-presioa kontrolatzen eta bihotz-erritmo erregularra mantentzen laguntzen du. Amaitzeko, argi dezagun fruta tropikal hauek ia sodiorik ez dutenez, bihotzarentzat arras osasungarri direla. Aguakateak eta kokoak izan ezik, frutok oso proteina eta koipe gutxi dute.
Fruta exotiko hauek azido askorbiko edo C bitamina ugari daukate: beraiek dira, hain zuzen ere, bitamina horren bigarren iturri garrantzitsuena, zitrikoen ondotik; halaz ere, ikuspegi horretatik, zitrikoen aurretik kiwia eta guaiaba doaz. Beste aldetik, fruta tropikalek azpimarratzekoa dute azido organikoen eduki handia, hala nola malikoa edo zitrikoa: hauexek ematen diete frutei horren bereizgarria duten ahogozo garratz samarra.
Infekzioen kontra babestuko gaituen inmunologi sistema eraginkor mantentzeko behar-beharrezkoa den C bitaminaren eragina areagotu egiten du azido zitrikoak. Izan ere, bitamina horretan oparo den fruta bakar bat aski dugu egunean aholku dietetikoak bete ditzagun; dena den, gainontzeko bitamina eta mineral-gatzen ekarpena ongi betetzeko, egunean bi edo hiru ale hartzea hobe dela aholkatu ohi dute adituek; noski, fruta exotiko horiez gainera, nutrigarri horiek ugari dituzten bestelako elikagaiak ere (era guztietako barazkiak, jakina) kontsumitzerik baztertu gabe. Fruta tropikalen beste ezaugarri nagusietako bat, karotenoideen (ahalmen antioxidatzailea duten landare-pigmentuak, alegia) eduki handia da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa