Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gizakirik primarioenak ere badaki bizitza kalitatea ez dela gauza materialen (osasun, lan, ikasketa, diru, aisialdi eta abarren) menpe bakarrik izaten; gure ongizate emozionalean eragina duten beste faktore batzuk ere badira. Harreman pertsonalen arloa da horietako bat. Eta eremu zabal horren barruan, ez da garrantzi gutxikoa jasan ezin ditugun edo ikusi ere egin ezin ditugun pertsonekin dugun harremana.
"Neure onetik ateratzen nau", "ezin dut jasan", "bizimodua jasanezin egiten dit", "nerbioak dantzan jartzen dizkit" eta antzeko espresioak erabili ohi ditugu eta, enfatiko eta neurriz gainekoak iruditu arren, geure senetik ateratzen gaituen egoera baten adierazgarri izaten dira sarri. Pertsona bakoitza den bezalakoa da, eta harreman onik izan ez arren, sarri-sarri ikusten ditugun horiekin bizi izaten ikasi behar dugu nola edo hala. Baina, zer egin bateraezinak garela begibistakoa denean? Gugandik hain hurbil izaten den pertsona hori erabat jasanezin egiten zaigunean?
Edonorekin ondo konpontzen diren eta besteengan alde ona besterik ikusten ez duten aingeru batzuk salbu, gehienok aurkitzen dugu menperatzen ez dugun giro zenbaitetan (lanean, ikasketetan edo familian betez ere) eraman ezin dugun pertsonaren bat, handikeria, harrokeria, egozentrismoa, agintekeria, berekoikeria... adierazten digulako; bakoitzak bere maniak ditu, baina badira pertsona batzuk alde guztietan antipatia esnatzen dutenak.
Gutako bakoitza izaki berezi bakar eta errepikaezina da; baina besteekiko harremana --batez ere sarritan tratatzen ditugunekikoa-- erabat ona ez izan arren, egokia izan dadin ahalegindu behar dugu. Hala ere, saiatu arren, zenbait pertsonarekin ez gara gustura sentitzen, erabat desberdinak baikara. Gizon eta emakume batzuekin oso ezeroso sentitzen gara: minutu batzuez eurekin egon behar dugula pentsatze hutsak atzeraka eragiten digu. Era honetako harremanetan beldurra izaten da nagusi eta blokeatzera eta harreman onik ez izatera ere irits gaitezke. Beldur horrek nolabaiteko dependentzia sortarazten digu; izan ere, gurekin azaltzen duen jarrerarengatik norbaiten kontra bagaude, beti bere mende, egiten edo esaten duenaren mende izango gara.
Bereiztu beharra dago: baliteke bizitza jasanezin egiten diguten pertsonak inguruan izatea, baina horrek ez du esan nahi joko horretan erori eta biktima papera geureganatu behar dugunik. Pertsona hori beti atzetik badugu -eta hori ez da oso ohikoa izaten- ez dugu aukera handirik izango: begitan zergatik hartu gaituen pentsatu eta behar diren neurriak hartzea beste biderik ez dago, beti izaten baita neurriak hartzeko aukera. Zaila izango da min egiten digun pertsonarengan eraginik izatea. Egokiagoa da defentsarako jarrera argia hartu eta gaizki sentitzea ebitatzea; beldurrak ez diezagula ito arazi erantzun zentzudun eta ponderatua emateko dugun gaitasuna. Izan ere, jasanezin egiten zaigun pertsona horrekin harremanetan izatea ebitaezina bada, konponbidea begibistakoa dugu: saihestu egin beharko dugu. Erraza dirudi, baina gutako askok, gizarteko konbentzionalismo hutsez edo gaizki ulertutako kortesiagatik, mantendu egiten ditugu ezer ematen ez diguten edo gaizki sentiarazten gaituzten zenbait harreman. Eta ez ditugu albora lagatzen. Pertsona horiek kritikatu egiten ditugu, baina jarrera horrekin geuk sufritzen dugu gehien.
Jasanezin egiten zaizkigun pertsonekin harremanetan jarraitzen dugunean, zergatik ez dugu erabakirik logikoena (harremana eten eta pertsona horiekin traturik ez izatea) hartzen? Ezin dugulako. Edo -gauza bera dena- komeni ez zaigulako. Laneko nagusia edo alboan dugun lankidea, unibertsitateko irakasle edo ikaskide bat, astero ikusten dugun familiartekoren bat, ingurukoek estimatzen duten arren begitan hartu gaituen adiskideren bat... Kontu egin dezagun, behingoz, erruduna bestea dela. Zer egin dezakegu pertsona horrekin nolabaiteko harmonian bizi izateko? Arazoari ezikusi egin eta beste aldera begiratzea, muturren aurrean izan arren ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzea litzateke. Errealitatea hortxe dago eta arazoz betea bada eta gure ongizate emozionalari eraso egiten badio, aurrez-aurre begiratu eta konpondu beharra dago. Horrelako pertsonen aurrean ere egin dezakegu zerbait: egoerari aurre egiterakoan, gaizki sentiaraziko gaituzten eta, beraz, gure autoestima kaltetu edo agresibitatea areagotuko duten sentimentuak metatzea ebitatzeko modua bilatu beharko dugu.
Jarrera bat baino gehiago dago: errazena, pertsona horrekin topo egiten ebitatzea. Ez duzu ezer konponduko, baina neurri praktikoa da, beti-beti posible ez den arren. Ez da konponbiderik egokiena, makal, eroso edo pertsona horrekin toleranteegi izan garelako ondoeza geratuko zaigu eta. Bada beste aukera bat ere: eraso egitea. Jarrera honek jarraitzaile sutsuak ditu gertatzen diren gauza txar guztien errudun besteak direla pentsatzen dutenen artean.
Hauxe da autokritikarako gaitasun gutxi, umore gutxiago eta paranoia punttu bat duten pertsonen artean jarrerarik ohikoena: erasotzaileak ikusten dituzte edonon. Baina kontrako jarrera ere ez da hobea, gertatzen den guztiaren -besteen inozokeria eta modu txarren- errudun sentitzen direnena, alegia. Normalean norbere buruaren minusbalorazioan eta nolabaiteko boterea duten pertsonenganako beldurrean hazi ohi dira pertsona horiek. Pertsonen arteko edozein gatazkaren aurrean, lur jota geratu eta indargabe eta errudun sentitzen dira. Ez da gauza ona. Beste bide bat arazoa ukatzea izan daiteke: horixe da sasi-baikorrek gogokoen duten bidea. Horrelaxe aurkitzen dute "euren" konponbidea, baina arazoari aurre egin gabe (eta konpondu gabe, noski).
Normalean besteen lepo botatzen dute arazoa. Oso jarrera kontserbatzailea da (ez dituzte arazoa sortarazi duten zirkunstantziak begiratzen eta ez dute ezer egiten horiek konpontzeko) eta ez da aukera solidarioa: beste norbaitek arazoa konpontzeko zain geratzen dira. Beste bide bat: hitzarmena egitea. "Etsaia garaitu ezin baduzu, elkar zaitez berarekin" leloari jarraituz, gogaikarri zaien pertsonarekin hitzarmenak lortzen saiatzen dira batzuk. Ez da bide txarra; batzuetan ondo ateratzen da eta sorpresa atseginak izaten dira inoiz; baina seguruenik bestea, tratua berak eskatu ez duenez, garaile geratuko da eta berriz lehengo jarreretara itzuliko da.
Alternatiba guztiak aztertu eta konponbiderik ez dagoela ikusten bada harremana bertan behera utzi beharko da (aukerarik bada). Ez da beti lana uzteko aukerarik izaten, baina bizitza garrazten digun pertsona horrekin topo egin eta tratuan egotea ebitatu ezin badugu, utzi egin beharko dugu. Beste hainbeste esan dezakegu konponbiderik ez duen bikote-harremanari buruz ere: guztiontzat konponbiderik onena banantzea izango da. Aukera komodina, guztiontzat eta pertsona jasanezinekin ere balio duena, beste laguntza batzuk bilatzea da. Beti izango da ulertuko gaituen norbait. Saia zaitez gertatzen zaizuna norbaiti kontatzen. Mundua harreman gatazkatsu horretan ez dela amaitzen konturatuko gara. Beti aurkitzen dugu maite eta ulertzen gaituen norbait, entzuteko eta laguntzeko gertu dagoen lagunen bat. Erlaxatzeko teknikek, bestalde, lagundu egiten dute egoera desatseginak hobeto eramaten. Egoera ez da aldatuko, hor izango dira arazoak gero ere, baina egoeraren aurrean dugun jarrera aldatu egingo da, onera aldatu gainera. Adimena erabili eta hausnarketa eginez, pertsona zenbaitek besteri min emanez gozatu egiten duela ohartuko gara, sinestezina dirudien arren. Jaramonik egin ez eta erruki gaitezen haietaz, kaltetuak geu izan arren; izan ere, haiexek dira benetako zorigaitzekoak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa