Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Gabonetako apaingarriak, turroiak, zilar eta abesbatzez inguraturiko cavaren iragarkiak, jostailu ikusgarriak... denak ditugu, aurtengoz ere, egun hauetako geure biziko osagai.
Eguberriak gainean ditugu eta gutariko askok taxutua dugu hurrengo jai-egunetan zer egin. Batzuek oporraldi-bidaia egitea aukeratuko dute: era horretan, negua uda bihur lezakete, hiriaren ordezko hondartza hautaturik. Atsegin-bidaiaren gibelean, aldatzeko nahia edo, areago, beharra datza ezkutuan. Hiru milioi espainiarrek maleta egin eta Gabonetan urteko azkeneko "ihesaldia" egingo dute etxetik kanpora. Lekualdatze hauekin, gehienbat, adiskide eta senideak berriro topatzea da, egunotako tradizioari jarraiki, denek elkarrekin egun berezi hauek ospatzeko. Nolanahi ere, geroz eta ohikoago bihurtzen ari da joanaldi luzeska bat egiteko Eguberriak aprobetxatzea.
Horrela, Gabon Gaua famili giroan eman ondoren, nork bere bideari ekingo dio, atseden eta lasaitasunaren bila. Edo abenturaren bila: zergatik ez?
Gabonetako udatiarren helmuga nahiena Kanariar uharteak dira. Bertako hotelik gehienek "lekurik ez" letreroa eskegi zuten duela aste batzuk. Irletako eguraldiaren atsegina eta modu-moduko prezioak -42.000 pezetatik egin daiteke astebetea apartahotelean, hegazkineko bidai eta guzti- turista jakin batzuentzat paregabeko amua da.
Karibeko herrialdeak, neguan orobat, hondartza eta eguzkiaren zaleentzako ametsetako paradisu dira. Itsaso hartako hondar xehetan urteari agur egitea berrehun bat mila pezeta kosta dakizuke, batez beste. Londres eta New York ere kontuan hartzeko moduko helbideak dira: bi hiriok noiznahi ikusgarri baditugu ere, erakargarritasuna areagotu egiten da Gabonetan. Ohiko jarduera komertzial eta kulturala biderkaturik dagoela, egunotan hamaikatxo ospakizun pribatu, publiko eta kalekoiez apaintzen zaizkigu.
Elurzaleak eskialdiari harrera eginez hasten du urtea eta elur-estazioek, bere aldetik, elurraz gozatzeko era guztietako aukerekin zabaltzen dituzte ateak. Astebetez pista zurietan zehar labaintzea, egunotan, 28.000 eta 125.000 pezeta (lojamendu eta goragailuak barne) bitartean kostatzen da laguneko. Jakina denez, goragailuen prezioak (nahiz gastu hau iraupen-eskia egiten dutenek ordaindu beharrik ez duten) dezente aldatzen dira estazio batetik bestera, hoteletako kostuak bezalaxe. Hurrengo urtearen etorrera ospatu nahi bada, berriz, aukeratutako afariaren kalitatearen eta tokiaren apainkuntzaren araberakoa izango da egin beharreko aurrekontua, nahiz antolatzaileek eratutako ospakizunaren nolakotasunak (dantza, ekitaldia, orkestra, etab.) ere eragin handia izan.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa