Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Sinusitisa sudurreko sinuen hantura da, matrailezurraren barruan eta sudurraren inguruan eta atzean ditugun barrunbeena.
Sinu horiek berotu, hezetu eta iragazi egiten dute sudurretik sartzen den airea. Horixe da beren funtzio nagusia baina, kasu batzuetan, aireztapenak huts egiten du eta sudur-barrunbeak itxi egiten dira eta horrek sinusitisa sor dezake. Gehienetan goiko arnasbideen infekzioaren ondoren agertu ohi da sinusitisa, marranta (urte sasoi honetan oso ohikoa) dugunean esaterako. Sudurreko muki-mintz eta sinu paranasalak handitu egiten dira eta muki gehiago sortzen da. Hala ere, muki-jario handia eta sudurreko kongestioa eragiten duten alergiek ere itxi ditzakete sudur-zuloak. Sinusitisak sintoma minbera eta deserosoak eragiten ditu eta laneko baja ugari gertatzen da. Estatu Batuetan biztanleen %15ek gaitz hau izaten du gutxienez urtean behin.
Sinusitis akutuaren sintoma ohikoenak honako hauek dira: buruko mina, mukiak, batzuetan muki zornetsuak eta, inoiz, baita sukarra ere. Sudurretik odola ere botatzen da batzuetan (epistaxisa), eta eztula eta usaimenik eza (hiposmia, usaimena gutxitzea, edo anosmia, usaimena erabat galtzea) ere gertatu ohi da. Sinusitis akutuan mina begi inguruan, betzuloan edo bekokian kokatzen da eta min bizi-bizia ere izaten da zenbaitetan. Eta sinuen parean atzamarrez zanpatzean, mina sentitzen da kasu askotan.
Sinusitis kronikoan arinagoa izaten da mina edo baliteke minik ez sentitzea ere, baina zorne-jarioa edo muki zornetsuak eta sudurreko kongestioak iraun egiten du. Gaixoak ahoko gustu txarra ere sentitu ohi du eta ahoko usaina ere sarritan gertatzen da. Sudurreko kongestioak ahots sudurkaria ere eragiten du. Sinusitis kronikoa duten haurrek eztula izaten dute, eta sarritan horixe izaten da sintoma nagusia.
Sinusitis akutuak diagnostiko erraza du. Kasuen %85an familiako medikuak antzematen du: aski dira historia klinikoa, sintomak eta miaketa fisikoa. Sinusitis akutuaren tratamenduak ere ez du arazorik sortzen: infekzioari aurre egin, mukosetako kongestioa sendatu eta sinuetako drenaje hobea lortzea dira helburu. Tratamenduak 10 edo 12 egun irauten du, sinusitisa berriro agertu ez dadin eta erabat sendatu dela ziurtatzeko. Gaur egun oso gutxitan gertatzen da gaitza okertzea, izan ere ez da izaten osteomielitis kasurik (hezurraren eta hezur-muinaren aldi bereko inflamazioa), zorne-zorrorik (zorne pilaketa) eta antzekorik.
Besterik da sinusitisa behin eta berriz agertzea. Kasu horretan alergia arazoa egon daitekeela pentsatu behar da eta alergiaren probak eginez diagnostiko zuzena egin, inmunoglobulinak zehaztu etab. Gehienetan rinitis alergikoari loturik egoten da sinusitis mota hau eta tratamendua konplexuagoa izaten da, antihistaminikoak, deskongestionatzaileak eta, kasu batzuetan, kortikosteroideak erabili behar baitira. Sinusitis kroniko errepikakorrean (urtean lau bider baino gehiago agertzen denean), tratamendua zailago bihurtzen da eta frustrazioa eragin dezake, gaitzak iraun egiten baitu tratamenduen aurrean. Horrelakoetan funtsezkoa izaten da sinuen eta muki-mintzen egoeraren diagnostikoa egitea.
Horretarako, tomografia axial konputarizatua (TAC) erabiltzen dute gaur egun espezialistek. Tresna horrek aukera ematen du sinuen edukia eta anatomia ikusteko, muki eta zorne pilaketak baloratu eta drenajerako zuloen egoera eta gaitza zein sinutan dauden ikusteko, alderdi horiek nekez antzeman baitaitezke erradiografia arrunt batean. Diagnostikoa konfirmaturik dagoenean, tratamenduak gutxienez lau astez iraun behar du, antibiotiko egokiekin. Gainera, antibiograma bat egitea eta kongestioaren aurkako botikak, hantura-kontrakoak eta abar hartzea komeni da. Sinuen drenaje ona lortzen bada, agian gaitza erabat sendatzea lortuko da, baina batzuetan ez da hala gertatzen eta orduan kirurgiara jo behar izaten da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa